"Norberarena dena ez da ia inorena"
Eduardo Chillidaren obra publikoak berebiziko garrantzia du bere ibilbide artistikoan. Horren erakusgarri dira munduko hainbat hiritan zehar banatuta dauden 43 eskulturak. Alemania da Eduardo Chillidaren lan gehien dituen herrialdea; bertako hiriburuan dago Berlin lana, Alemaniaren batasunari egindako omenaldi ikaragarria. Eduardo Chillidaren hiri eskultura handiak bere prozesu artistikoaren gailurra dira, eta horietan izugarrizko garrantzia du kokalekuak. Eskulturak ingurunearekin harmonian eraikitzen dira, eta paisaiaren arabera hartzen dute zentzua. Horren adibide garbia da Chillidaren lan kuttuna, Haizearen Orrazia, Donostian. Kontenplaziorako lana da, hiru atalez osatua; hiru atal horiek lotura zuzena dute itsasoarekin, arrokekin eta ostertz ezezagunarekin. Eduardo Chillidarentzat, guztiok gara arte lanaren jabe, haren aurrean gauden unetik beretik; geure buruaren eta gure inguruaren aurrean jartzen gaitu, eta era horretara, ezazagunari buruzko bere zalantzak eta galderak helarazten dizkigu. Horrez gainera, Chillidaren eskultura publikoak topagune dira, elkarrizketarako eta elkar bizitzarako gune alegia; bere amets handia izan zen pentsamendu horren gailurra, Tindaya proiektua hain zuzen ere. Chillidak Fuerteventura uharteko mendi baten barruan espazio handi bat sortu nahi zuen, gizaki, arraza eta sinesmen guztientzat; espazioaren handitasunaren aurrean, denak berdinak izango ginateke.