Donostia Kulturaren Europako Hiriburu izateko hautagintzara aurkeztuko den logoa Luisa Chillida diseinugileak egina da, Eduardo Chillida eskultorearen bilobak.
Donostia 2016 logoaren irudia 1989an Donostiako Udalak medaila bat egiteko eskaria egin zuenean Eduardo Chillidak landutako prestakuntzazko estudioetako baten erreprodukzio zehatza da. Logoa egiteko marrazkiaz baliatu da eta arkatzez marraztutako lerro finaren ordez tinta beltza gehitu dio lurrari dagokion zatia, materikotasuna, betetzeko. Medaila oroigarriak, marrazki horietan oinarrituta eginak, San Sebastián du izena. Urrezko pieza txiki bat da, Chillidak bere herriari oparitua. Nabaria da diseinuaren inspirazio iturria Kontxako badia dela, hiriaren ikur ukaezina. Argizari galduz landutako moldetik zilarrezko bi tirada egin ziren, bakoitza 25 alekoa. Zilarrezko eredu handiago bat ere badago Donostiako Udaletxean.
Eduardo Chillida. Izenik gabea Marrazkia arkatzez, 1989
Bestalde, formari eta kontzeptuari dagokienez, bai arkatzez egindako marrazkiak bai medailak Eduardo Chillidaren beste obra batzuk gogora ekartzen dizkigute. Formak araztean eta artistak ezaugarri duen esentzia berreskuratzean antzeman dezakegu hiriaren profila. Piezek mugaren kontzeptua eta eskultoreak espazioarekin betidanik izan zuen elkarrizketa aditzera ematen digute, baita Donostiarekin eta bereziki bertako badiarekin eta ingurune geografikoarekin berak zuen lotura estua ere. Artistaren ibilbide artistiko osoan agertu izan da beti natura, funtsezko gaia, alegia. Izan ere, bere eskulturan eragin berezia izan dute itsasoak, olatuek, haizeak, eta gizakiak, naturaren indarren eta zabaltasunaren aurrean. Haizearen orrazia osatzen duten altzairuzko hiru piezak, hiriaren mugan arroken gainean ipinitakoak dira bilaketa prozesu horren erakusgarriak.
Bibliografía:
BARAÑANO, Kosme: Chillida. Medallas. La orfebrería de Eduardo Chillida. Ed. IVAM, Valentzia, 2004.
“... Chillidak erakutsi digunez, materiala ez ezik, eta batik bat, 1948az geroztik bere eskultura lan osoaren gaia barne hartzen duen testuingurua eskaintzen dio artistari ingurune geografikoak: mugak eta dagokien barne-lotura, giza eskala. Euskal Herriko Kontxako badiako, bertako uharte eta kaietako espazio horretan, itsasoa eta lurra, forma eta bere itxura ikuste erakusten digu Chillidak, baina batez ere denbora espazioaren hedadura dela antzematen.”
Kosme de Barañano
CHILLIDA, Eduardo: Galderak. Ed. Real Academia de Bellas Artes de San Fernando, Madril, 1994.
“Zer dago itsasoaren eta nik hari begiratzearen atzean?
Zer dago itsasoaren eta nik hari entzutearen atzean?”