Emozioak naturan zintzilik
Artearen eta naturarekiko loturaren bidezko lanketa emozionaleko esperientzia
“Edertasunak gugan sentipen indartsu eta berehalakoenak eragiteko dohaina du, bai fisikoak bai emozionalak. Sentipen horietatik sortutako emozioez blaituta, gure izatea erakartzen du edertasunaren presentziak eta, instintiboki, harengana doa. Hori egitean, norabide jakin batera orientatzen da. Baina gure existentziak norabide bat hartzen duen heinean, zentzua hartzen du. Eta norabide hori harmonia eta komunio egoera batera iristen denean, alegia, maitasun egoera batera, edertasunaren kasuan bezala, gure existentziak bere esanahi gorena lortzen du, orduan egiten baitio keinu egiazko bizitzari, eta egiazko bizitzak, bere aldetik, edertasunari egiten dio keinu.”
François Cheng
- 2026ko uda
Proposamen hau eguneroko errutinaren barruan parentesi kontziente bat sortzeko asmoz sortu da. Erritmoa jaisteko eta denbora lasaitasunetik eta presentziatik bizitzeko gonbidapena da. "Slow motion" esperientziaren bidez, Chillida Lekun autozainketarako, erabateko arretarako eta barne-konexiorako espazioa esploratzea proposatzen da, norberaren entzuketarako eta ongizate partekaturako uneak sortuz.
Maria Ollok eta Zuri Uriartek ongizate fisiko, emozional eta sozialerako bide horretan gidatuko gaituzte, norberarekin, besteekin eta ingurunearekin konektatzea ahalbidetuko duten dinamiken bidez. Natura eta Eduardo Chillidaren eskulturak prozesuaren elementu nagusi bihurtuko dira, inspirazio, oreka eta sentsibilitate estetikoaren iturritzat hartuta.
Emozioak naturan zintzilik, erritmoa gelditzeko, zure buruarekin konektatzeko eta naturaren eta Eduardo Chillidaren obraren edertasunean murgiltzeko gonbidapena da, bai eta biek eskaintzen diguten esperientzia estetikoan murgiltzeko gonbidapena ere. Hainbat dinamikaren bidez, lasaitasunak bilduko zaitu arreta, jakin-mina eta harritzeko gaitasuna lantzen dituzun bitartean. Zurekin berriz konektatzeko aukera bat, zure sentsibilitatea pizteko eta orainaldian bizitzeko modu berriak aurkitzeko.
Esperientziaren onurak:
- Estresa murrizten laguntzea eta barruko lasaitasuna sorraraztea.
- Ingurunearekiko arreta eta behaketa kontzientea hobetzea.
- Sentsibilitate estetikoa piztea artearen eta naturaren bidez.
- Sormena, jakin-mina eta harritzeko gaitasuna sustatzea.
- Norberaren ezagutza eta emozioekiko konexioa garatzea.
- Norberaren eta taldearen arteko konexiorako espazia sortzea, kontenplazioaren eta esperientzia partekatuaren bidez.
- Ongizate fisikoa, emozionala eta soziala lantzea.
Ez da kasualitatea, ezta arduragabekeria ere, esperientziaren xehetasun guztiak ez azaltzea. Aurkikuntza espazio bat babesteko diseinatu da, non sorpresa, harridura edo jakin-mina bezalako emozioak zabaldu ahal izango diren. Prozesuan konfiantza izatera, eramaten uztera eta esperientzia bere erritmoan azaleratzen uztera gonbidatzen zaitugu.
CHILLIDA LEKU
Chillida Leku
Jauregi Bailara, 66,
20120 Hernani, Gipuzkoa
Bideratzaileak
María Ollo | Garapen pertsonalerako aholkularia da, Gizarte Langintzan eta Familia Terapian trebatua. Aholkularitza eta laguntza ematen dizkie pertsonei beren ongizate emozionala garatzeko. Ongizate Integralaren arloan ardaztutako ekimenen sustatzailea, bere lan-gunea, zalantzarik gabe, pertsonak eta beren ongizate emozionalaren garapena aldaketa globalaren eragile gisa ikustea da. 2021ean Guía Conecta liburuaren lehen edizioa argitaratu zen, Maria Ollor egilekide izanda.
Zuri Uriarte | "Edozer gauza marraztea gustatzen zait, ahal dudanarekin eta edozeri buruz. Aurkitzen ditudan materialetan eta paper birziklatuetan natura irudikatzea interesatzen zait, eta zuhaitzak zuraren gainean margotu, egun batean egon ziren lekura itzultzeko. Bilbon hasi nintzen Arte Ederretan, eta gero Bartzelonara joan nintzen Eina unibertsitate-eskolan Diseinu Grafikoa ikastera. Freelance diseinatzaile gisa lan egin dut eta urte batzuk modaren sektorean eman ondoren, hasierara itzuli naiz".