Materia dela uste dudan zerbaiten siluetak

Ariana Rac-ekin

(Arte eta paisaia 2025 deialdian hautatutako artista egoiliarra, Tabakalerarekin lankidetzan)

  • Tailerrak

Tailer hau “Materia dela uste dudan zerbaiten siluetak” proiektuaren oihartzun gisa sortu da. Proiektua Tabakalerako egoitza artistikoaren baitan garatu da, Chillida Lekurekin lankidetzan. Proposamenaren helburua Chillida Lekuko ingurura hurbiltzea da, haren mugak, objektuak, testurak eta kontrasteak esploratuz, espazioa eszenatoki hutsa izan beharrean esperientzia artistikoaren katalizatzaile gisa ulertuta.

Jarduera hainbat fasetan egituratzen da, banakako esplorazioa eta sorkuntza kolektiboa uztartuz. Lehenik, Chillida Lekuko ingurunean zehar ibilbide librea egiten da; bertan, parte-hartzaileek arreta pizten diena jasotzen dute argazkien, testuren eskaneoen, frottage-aren edo marrazkien bidez, artistaren etengabeko laguntzarekin. Ondoren, bildutako lehen materialak inprimatu eta digitalizatu egiten dira, eta gero elkarrekin partekatzen dira; une horretan, pertsona bakoitzak esanguratsuenak iruditzen zaizkion elementuak azpimarratzen ditu, eta horietatik abiatuta lan-talde txikiak osatzen dira.

Azken fasean, talde bakoitzak sorkuntza kolektibo bat garatzen du: bildutako materialetatik eta baliabide plastiko askotatik abiatuta eraikitako “hibrido” bat. Prozesua pieza bakoitzaren aurkezpenarekin eta izendapenarekin amaitzen da, eta ondoren tailerraren itxiera partekatua egiten da. Proposamenaren xedea ingurunearekiko begirada berritua aktibatzea da, materia eta espazioaren mugak sormen-esperientzia partekatu baten abiapuntu gisa ulertuz.

 

BIO Ariana Rac

 

Ariana RAC diziplina anitzeko artista emergentea da. UPV/EHUko Arte Ederretako Unibertsitatean graduatu zen 2022an, eta urtebeteko prestakuntza egin zuen FAVUn (Brno, Txekiar Errepublika), praktika artistiko performatiboetan espezializatuta.

 

Bere praktiketan teknika eta euskarri desberdinak erabiltzen ditu, beharraren arabera, eta tentsioari, desbideratzeari, geruzei eta subertsioari ematen die garrantzia, dialektika queerrek, materialaren ekologiak eta testuinguruak markatutako ikuspegi politiko batetik abiatuta. Bere praktikaren bidez etorkizun berrietarako espazioak sortzen ditu, finkatutako logiken aurrez aurre jarriz. Objektua gorputz gisa ulertuta lantzen du, haren hegemonia aitortuz eta posizio kontraesankor horretatik abiatuta bere gain hartuz. Gorputz/objektuari begiratzen dio logika berrietatik zeharkatzeko beharrarekin, hura inkoherentziatik, masatik, identitatetik eta hibridaziotik ulertzeko asmoz. Esperimentazioa eta bitartekoen aniztasuna metodologia gisa planteatzen ditu, baita baztertutako edo abandonatutako objektuen berreskurapena ere sormen-prozesuaren abiapuntu gisa.

 

Hori guztia ikus daiteke bere azken lanetan: testuinguru jakin batzuk berrikusten ditu, eta bere lurraldetik —pertsonaletik zein artistikotik— identitatea eta tradizioa zeharkatzen ditu bere sorkuntza artistikoan. Binarismoaren monopolioa eta errealitate hegemonikoa baztertzen ditu.

 

Hainbat egoitza artistikotan parte hartu du, bai banakako proiektuetan bai kolektiboan. 2024an Revive Programme egoiliartza egin zuen Turkuko (Finlandia), eta ikus-entzunezkoetatik abiatuta, Varvintoriko espazio huts batean esku-hartze kolektiboa proposatu zuen. Urte berean, Atenasen (Grezia) egon zen Culture Moves Europe egoitzan; bertan, Reggina Korkovelourekin batera, Atenasen dauden tentsio material eta soziopolitikoetatik espazioa subertitzen duten objektuen erregistro bat sortu zuen. Halaber, urte horretan Eusko Jaurlaritzaren ekoizpen eta sorkuntza beka jaso zuen, objektuaren subertsioari buruzko ikerketa eta lana garatzeko.

 

Artista gisa duen ibilbideaz gain, komisario eta kultur kudeatzaile gisa ere lan egin du. 2023az geroztik, ZAS Kultur espazioan aritu da (Gasteiz), CC Montehermosoko Interakzioak eta Amarica aretoko Reflex bezalako ziklo artistikoen ardura hartuz. Gaur egun, artista emergenteentzako 5m2 egoitzak komisariatzen ditu, baita Arabako artisten nazioartekotzera bideratutako Transhumant latitudes nazioarteko proiektua ere.

 

Bere lana Gasteizko Zuloa espazioan, LABEn, ZAS Kulturen eta CC Montehermoson erakutsi da. Halaber, Vessica galeriarekin erakutsi du bere obra La Puebla (Mexiko), Quetzaltenango (Guatemala) eta Zürichen (Suitza). Gainera, Brnoko Art Weekean parte hartu du artista gisa, Txekiar Errepublikan.

 

2024an Haziak Saria jaso zuen queerclogenesis explosiva lanagatik; ekintza eta sorkuntza artistikotik sortutako kolektibo queer bat da. Era berean, Gazte Sortzaileak Saria jaso zuen Mikel Sánchez-ekin batera, Arabako lurraldean euskararen memoria material eta immateriala berreskuratzea helburu duen ikus-entzunezko sorkuntza instalatibo batengatik.

Chillida Leku - Pilar Aretoa

Jauregi Bailara, 66

20120 Hernani, Gipuzkoa

Nola heldu

Info

Urtarrilaren 17a, larunbata

11:00 – 13:00

 

Pilar aretoa 

Doakoa

Kolaboratzailea