The Big Draw. Marrazketa festibala

Lehenengo aldiz, The Big Draw jaialdian parte hartuko du Chillida Lekuk. Nazioarteko jaialdi honek marrazkia du ardatz, eta urriko hilabete oso iraungo du. The Big Drawk marrazkiaren eta marrazteko egintzaren garrantzia aldarrikatzen du; gehienek haurtzaroan egiten duten jarduera da, baina adinean aurrera egin ahala alde batera uzten da. Marrazkia hizkuntza unibertsala da, inguruko mundua komunikatzeko, ikasteko eta interpretatzeko balio duena.

  • Evento
  • Familiak

The Big Draw ekitaldian parte hartzera gonbidatu du Chillida Lekuk bere inguruko komunitatea. Nahi duenak parte har dezake jardueran, adin guztietako pertsonek, hezkuntzako profesionalek, bertako jendeak edo bisitan datozenek eta arteaz eta marrazkiaz gozatu nahi dutenek. Proposatutako erronka zuhaitza beste modu batera irudikatzea da, begirada berri bat sustatuz. Zuhaitz bat behatu eta formatu alternatiboan marraztu, normalean marraztu edo ikusten ez den moduan.

Marrazkiak Instagramen partekatu ahal izango dira #ChillidaLekuBigDraw traolarekin eta @chillidaleku etiketatzen, edo hezkuntza@museochillidaleku.com helbidera marrazkiaren argazkia edo kopia eskaneatuta bidalita.

Chillida Lekuk The Big Draw-en parte hartu nahi duten familiak gonbidatu ditu, urrian zehar, museoa bisitatu eta bertako zuhaitzak marraztera. Familiek doan parte har dezakete jardueran, eta gonbidapenak museoaren web orrian daude eskuragai (www.museochillidaleku.com). Jarduera hau ikastetxeei ere zuzenduta dago. Ikastetxeek helbide elektroniko honetan eska dezakete parte hartzeko aukera: education@museochillidaleku.com.

The Big Draw:

The Big Draw marrazkiaren munduko jaialdirik handiena da. Urtero, hainbat adin eta jatorri desberdinetako pertsonak museo, galeria, artista, diseinatzaile edo ilustratzaileekin lotzen dituzten milaka jarduera biltzen ditu. Zazpi kontinenteetan banatutako 1.000 erakunde baino gehiago biltzen ditu urtero The Big Drawk, eta 400.000 pertsona inguruk parte hartzen dute.

2020ko lema “The Big Green Draw: A Climate of Change” [Marrazki berde handia: aldaketa-klima] da. Aurten, jaialdiak ingurumenarekin eta bizi garen ekosistemekin eta naturarekin dugun harremanean jarriko du arreta. Naturarekin harmonian bizi garen edo ez pentsatzera gonbidatzen gaitu, eta gaur egungo klima-larrialdiaz kontzientziatzera.

 

Chillida eta zuhaitza:

 

Eduardo Chillidaren obran eta pentsamenduan zuhaitzak ere garrantzi handia izan zuen. Bere buruaz hitz egiteko, artistak zuhaitzaren metafora erabiltzen zuen. Bere lurrean sustraiak eta besoak munduari irekita dituen zuhaitz bat bezala sentitzen zen Chillida. Bertakoa unibertsalarekin lotzen duen sinboloa da. Gainera, eskultoreak Zuhaitz izeneko eskulturak egin zituen. Anaitasuna omentzen duten lanak dira, eta gogoan dute pertsona guztiok jatorri bera dugula. Chillidak 1975ean diseinatutako Euskal Herriko Unibertsitatearen logoa ere zuhaitz bat da, eta haren adarrak zabaldu eta luzatzen dira. Chillida Leku, bere ametsa errealitate bihurtua, aire zabaleko eskulturen baso bat da, artez eta naturaz inguratuta paseatu ahal izateko.

Chillida Leku

Jauregi Bailara, 66

20120 Hernani, Gipuzkoa

Nola heldu

Info

Museoko sarrerarekin parte hartzen da. 

 

Familiek doako gonbidapena eskuratu dezakete. 

The Big Draw