Museoa

«Egun batean, utopia batekin egin nuen amets: nire eskulturak finkatzeko leku bat nahi nuen, jendeak eskultura horien artean ibiltzeko aukera izan zezan, baso batean bezala.»

Eduardo Chillida

Chillida Leku

Chillida Leku museo berdingabea da, artelan handi gisa sortua. Bertan, arteak eta naturak euren kabuz egiten dute bat, modu naturalean. Eskulturak paisaiarekin bat egiten dute, betitik izango balira bezala haren parte. Lorategian, pagoak, haritzak eta magnoliak altzairuzko eta granitozko eskultura monumentalekin batera bizi dira, elkarrekin; ingurumenarekin elkarrizketa perfektua izateko moduan kokatuta daude eskulturak. Obrek monumentu-itxura badute ere, lekua giza eskalan eginda dago, artistak betidanik egin baitzuen lan eskala horrekin: pertsona hartu zuen Chillidak bere lanaren neurri gisa.

Chillida Leku, oro har, hainbat modutan korritu daitekeen eremu ireki handi gisa dago pentsatuta. Horrenbestez, ibilbide posible ugari daude. Artistaren filosofiari jarraikiz, bisitariak bere intuizioari kasu eginez korritu dezake eremu artistiko hori, obren «lurrinari» jarraituta, Chillidak bere lan-prozesuari buruz hitz egiteko erabiltzen zuen termino poetikoa berrartuz hemen: «Lurrin bati segituta».