Basoa V

Bosque V

1997

Altzairua

367 x 245 x 209 cm

Basoa multzoko azken obra dugu hau. Zuhaitzez inguratuta egoteko eta naturarekin elkarrizketan aritzeko pentsatu zuen artistak altzairuzko baso handi hau. Eskala handikoa denez, elementu naturalekiko elkarreragina faboratzen du, eta piezaren forma organikoek agerian uzten dute naturak eragin handia duela Chillidaren obran. Eskulturak, gainera, zuhaitzaren metaforara igortzen gaitu; izan ere, Chillida oso identifikatuta sentitzen zen zuhaitzarekin. Hain zuzen, zuhaitz gisa ikusten zuen bere burua artistak: sustraiak bere jaioterrian –Euskal Herrian– ainguratuta, eta adarrak mundurantz zabalduta. Obrari euskarazko izena ipini zion: euskal hiztuna ez bazen ere, bere obrak euskaraz mintza zezaten nahi zuen, eta horrek agerian uzten du Chillidaren iturburuak ere eragina izan zuela bere adierazpen-moduan. Nabarmentzekoa da, baita ere, elkarreraginean dauden hiru elementuk osatzen dutela obra. Hiru zenbakiaren sinbologia bistakoa da hemen; karga handikoa izaki, zenbaki hori ez dago matematikarekin bakarrik lotuta, filosofiarekin eta erlijioarekin ere badu zerikusia; are gehiago, Chillidaren ustez, zenbaki magikoa da hirua, biaren dualtasuna hausten duelako eta, horrenbestez, elkarrizketarako irekiago dagoelako eta toleranteagoa delako.