Locmariaquer IX

1989

Altzairua

87 x 75 x 78 cm

Reinosako (Kantabria) Sidenor forjan egina.

Chillidak bere familiarekin bisitatu zuen Bretainiako herri batetik dator multzo eskultoriko honen izena. Bertan, espazioak eta bolumenak bilatzeko beste modu bat ikertzeko ideia izan zuen artistak. Izan ere, pasieran zebilela, antzinako aizkora bat aurkitu zuen eta oso deigarria iruditu zitzaion; orduan etorri zitzaion burura lan-prozesu hori. Aizkora hura erosi baino lehen, jada bazekien zertarako erabiliko zuen. Irrikitan zegoen etxera iristeko eta aizkora ebaki eta tolesteko; tolesturen bidez barne-espazio bat sortuko zuen aizkoran. Halaxe sortu zuen Locmariaquer I, Homenaje a René Thom (Locmariaquer I, Omenaldia René Thomi); katastrofeen teoria fundatu zuen matematikariari eskaini zion eskultura hori.

Lehenengo obra hark bide emandako multzo osoan, Chillidak xaflekin biltzen du espazioa. Inguratu egiten du, eta zentzua, izaera ematen dio. Begiradarekin materiaren tolestura guztiei jarraitzen badiegu, Chillida hainbeste tematu zen jokoaz jabetzen gara.