Homenaje a Braque
Patricio Echeverríaren forjan egina, Legazpin.
Chillida Maeght galeriaren bitartez egin zen margolari frantsesaren lagun. Braquek eta Chillidak galeria berean erakusten zituzten euren lanak, eta estimu handia zioten elkarri. Horrela gogoratzen zuen Chillidak Braque: «Oso jatorra zen Braque, oso umila, primerakoa. Hasiberria nintzela, eskultura bat beste zerbaitekin trukatzea nahi zuen, eta horrek ondo islatzen du zein jatorra zen Braque. Gustatu zitzaion eskultura bat oparitu nahi nion nik, eta berak erosi nahi zuela esan zidan. Baina nik ez nion kobratu nahi. Niretzat benetan pozgarria zen gustatu zitzaion nire eskultura bat oparitzea. Maeghti utzi nion: “Hau Braquerentzat da” esan nion, eta hortik hamabost egunera itzuli nintzenean, nire zain zegoen. Esan zidaten Braque zain izango nuela, seietan, bere estudioan. Hara joan nintzen eta Braquek berak ireki zidan atea. Dena hormaren kontra zegoen, bi koadrotxo izan ezik; “Bi hauetako zein da zurea?” galdetu zidan Braquek. Jakina, ulertu nuen zer esan nahi zuen, eta hau erantzun zion: “Celui de droite”. Izan ere, niri dedikatuta zegoen jada. “Nire adiskide Chillidarentzat”. Halakoxea zen Braque, oso gizon berezia, oso barnerakoia beste artista batzuekin alderatuta, kasu baterako, Picassorekin konparatuta. Braqueren estudioko koadro guztiak hormaren kontra zeuden. Inork ezin zituen ikusi amaituta egon arte. Oso gizon txukuna zen, oso serioa, oso zintzoa. Braquek gomendatu zidan irakurtzea Eugen Herrigel-en Zen praktika arkularitza-artean liburua». Liburu horretan, Chillidak “desirak gezia okertzen du” esaldia irakurri zuen, eta asko markatu zuten hitz horiek artista. Esan nahi du ezinbestekoa dela desira oroz gabetzea ituan asmatzeko. Horrela egiten die aurre artistak bere obrei. Bereziki, Braqueri eskainitako obra honetan. Lantzen ari zela, ez zekien nola geratuko zitzaion, eta egun batean, ustekabean, ikusi zuen jada amaituta zegoela. Beheko aldera begiratzen badugu, txori baten silueta bereiziko dugu. Chillidak forma hori ezagutu zuenean, amaitutzat eman zuen obra. Braquek oparitu zion koadroak txori bat zuen irudikatuta, Chillidak margolari frantsesari oparitu zion Yunque de Sueños (Amets-ingudea) eskulturak hegan dagoen hegazti bat gogorarazten digun bezala.