Lo profundo es el aire XVII
Obra horren izena 27ko Belaunaldiko Jorge Guillén valladolidtar poetaren poema batetik dator. Bi egileek 1971n ezagutu zuten elkar, Harvard unibertsitatean, eta lagunak egin ziren. Zenbait urte geroago, Chillidak omenaldi bat egin nahi izan zion, eta poetaren obra irakurtzen ari zela, bertso-lerro hau topatu zuen: «Haratago, sakona airea da». Hura izan zen bi artisten lotura. Multzo hau poetari mirespena erakusteko sortu zuen: «Jorge Guilléni omenaldia egin nionean, bere obra osoa irakurri nuen lehendabizi, kontzeptu komun baten bila, biok leku berean geunden eremu baten bila. Cántico lanean aurkitu nuen elementu komun hori. Poemaren zati batean, “Lo profundo es el aire” (Sakona airea da) dio poetak; kontzeptu perfektua niretzat».
Multzoaren eskultura guztiak Fuerteventurako Tindaya mendian egiteke geratu zitzaion proiekturako ikertzeko balio izan zioten. Abiapuntua 1984an alabastroz egin zuen lehen eskultura bat izan zen, Mendi Huts izenekoa: «Duela urte batzuk intuizio bat izan nuen, eta utopikoa iruditu zitzaidan». Mendi baten barnean gune bat sortzea, arraza eta kolore guztietako gizakientzat, tolerantziarako eskultura handi bat. Egun batean, Fuerteventurako Tindaya mendian eskultura bat sortzeko aukera suertatu zitzaidan, nire utopia egiazko bihurtu zitekeen leku hartan. Eskulturak mendi sakratua babesten lagunduko zuen. Haren barnean sortuko zen gune handia ez zen ikusiko kanpotik, baina haren bihotzean sartuko ziren gizakiek eguzkiaren eta ilargiaren argia ikusiko zuten, itsasora eta horizonte eskuraezin, beharrezko eta hutsalera iraulitako mendi baten barnean...».