Buscando la Luz

Buscando la Luz

Mediterraneoan egin zuen bidaia horri esker, eskulturaren ikerketan erabiltzeko «argia eta arkitektura» kontzeptu berriak ezagutu zituen. Chillidak aurretik bi alditan baztertu zituen kontzeptuok nolabait: Arkitektura egiteko prestakuntza-ikasketak (1943-1947) utzi zituenean eta, 1951n burdina lantzen hasi zenean, Fidiasen eta aurrekoen lanetan inspiratutako igeltsuzko lehen eskultura figuratiboak gainditzeko (1948-1949).

 

Bidaia horren ondorioz eta Grezia aurreklasikoaren «argia eta arkitektura» kontzeptu paraleloak erakarrita, Chillidak ezaugarri zeharrargiak dituen alabastroa hautatu zuen Homenaje a Kandinsky [Kandinskiren omenez, 1965] sortzeko, baita argiaren eta arkitekturaren inguruko zenbait erliebe eta gorazarre ere. Ondoren, bere ibilbideko hainbat momentutan, beste material eta teknika batzuetan bilatu zuen argia, espazioak sortzeko elementu gisa hartuz. Hala, ideia horren gaineko sorkarien artean paperezko erliebe delikatuak, portzelanak edo lur txikiak aurki daitezke, baita monumentu publikoak ere, esaterako Frankfurteko La casa de Goethe [Goetheren etxea, 1986] hormigoizko lana edo Fuerteventurako Tindaya mendirako proiektua (1995). Monumentu-proiektuen harira, Chillidak 90eko hamarkadan amaitu zuen aipatutako bilaketa eskultura ikonikoen sorta batekin. Buscando la luz [Argiaren bila] izenburua ipini zien, eta horietako bat da Chillida Lekuko sarrerako zelaiko eskultura nagusia edota Municheko Pinakoteka modernoaren kanpoko lorategian dagoena.

Gai berari buruzko multzoak egitea eta gai berbera errepikatzea barru-barruko elementua izan da artistaren lan-prozesuan, baina Haizearen orrazia bildumaren gaiak izan du presentzia handi eta iraunkorrena. Azken Orrazia 1999an sortu zuen artistak. Multzoak izan dituen aldaketa guztiak agerian geratzen dira erakusketan. Haizearen orrazia bere herriari omenaldia egiteko sortu zuen artistak, eta hiriaren sinbolo garrantzitsu bihurtu da, zalantzarik gabe. Altzairuzko hiru pieza horiek elementuei aurka egiten diete, inguruko naturarekin mintzatzen dira, eta toki bat zedarritzen dute: ezezagunera gerturatzeko leku bat eta, aldi berean, topaketarako eta elkarbizitzarako gune bat.