Tàpies Zabalagan

“Tàpies Zabalagan” erakusketarekin hasiko da artista gonbidatuaren erakusketa ildoa Chillida Lekun, Antoni Tàpies (1923 – 2012) sortzaile katalan bikainaren omenez; haren lanak, euskal eskultorearenak bezala, arrasto sakona utzi zuen arte moderno eta garaikidearen bilakaeran.

Zabalaga baserriaren goiko solairuan egongo da ikusgai –solairu hau guztiz hartuz– eta 2022ko urtarrilaren 10era arte bisitatu ahal izango da. Formatu txiki eta handiko obrek osatuko dute, batez ere 80ko eta 90eko hamarkadetako eskulturek.

Erakusketa osatzen duten eskulturen zati handi bat egiteko erabili zen materiala lur xamota da, bi artisten arteko lotura gisa jokatzen duena. 1981ean hasi zen Tàpies teknika horren ahalmenekin esperimentatzen Hans Spinner zeramikagilearen tailerrean. Garai hartan, artista katalanak hainbat gonbidapen jaso zituen zeramika lantzeko Aimé Maeght galeristaren tailerrean, Saint-Paul-de-Vencen (Frantzia). Eduardo Chillidak tailer honetako labeetan hasi zen material hori erabiltzen, eta Tàpies bultzatu zuen gonbidapena onartu eta lur xamotarekin lan egitera. Orduan hasi zen bere buztin egosien ekoizpena.